1998an, orube hartan I. Pereda García zuzendaritzapean egiten ari ziren arkeologia-indusketa batean, urmael hori jarri zuten agerian, zenbait garaitako lurrak eta zaborrak kendu ostean.

Duela 2.100 urte egin zuten, 800 metroko altueran, Laguardiako hiribildua dagoen muinoaren goialdean, sortzen den iturburu bateko urak biltzeko. Lurpeko geruzen gainean, harlangaitzezko hormak egin zituzten lehorrean, zatiketa irregularrekoak. Hainbat hormatxo elkarren gainean daude; batzuetan, urak biltzeko azalera handitzeko lanen ondorio dira, eta, beste batzuetan, egiturak konpontzeko eta sendotzeko lanen ondorio. Urmaelaren itxura orokorra irregularra da, baina erdiko gunea ia angeluzuzena da. Haren neurri maximoak 18 x 15 metrokoak dira, eta urmaela inguratzen duten hormek 0,85 eta 3,10 metro bitarteko altuera dute. Kalkulatu denez, guztizko azalera 218 m²-koa da; haietatik, 126 m² beheko ontziari dagozkio, eta 92 m², goikoari.

Urmael horrek 300.000 litro ur bil zitzakeen; horri esker, bertan finkatutako biztanleak hornituta zeuden. Urmaela errito-leku ere izan zela uste da, esku-hartze arkeologikoan agerian geratutako aurkikuntza batzuk eta urmaelaren inguruan aurkitutako Matreen omenezko aldare erromatarra aintzat hartuta; sustrai zeltiar garbiak ditu aldareak, eta iturburu edo akuifero mineromedizinalekin edo termalekin lotzen da.

Nork egin zuten urmaela?

La Hoya herrixkako biztanleek alde egin zuten, leku horretan K.a. lehen milurtekoan bizi eta gero. Orduan, egun Laguardia dagoen muinora joan ziren, defentsarako aukera gehiago baitzituzten. Beste herri bat sortu zuten han, gaur egun Laguardiako etxeen azpian aurkitzen ari direna. Izaera zeltiberiarreko jende horiek egin zuten urmaela. Hain zuzen, K.a. III. eta II. mendeen artean egin eta erabili zuten.

Interpretazio Zentroa

Urmaelaren ondoan, jatorrizko ideia batean oinarritutako instalazio museografiko bati esker, egitura hidrografiko horren garrantzia uler dezakegu, baita akuiferoa mendeetan zehar ustiatu zuten pertsonen bizimodua ere. Ikus-entzunezko baliabide aurreratuak, grafiko zein testu bidezko informazioa eta etapa bakoitzarekin erlazionatutako objektuak erabiliz, garai haietara bidaiatzeko aukera ematen diete bisitariei.